
Arrazoi praktikoak direla medio, zehatz-mehatz jarraitu diogu Orotariko Euskal Hiztegiak egiten duen euskalki-azpieuskalki-barietate banaketari. Koldo Mitxelena eta Euskaltzaindiaren lan honek, oro har, Louis Lucien Bonaparteren sailkapena erabiltzen du.
Orotariko Euskal Hiztegiak, ordea, eta guk haiekin, aldaketa batzuk sartzen ditu Bonaparteren sailkapenean.
Azken urteotan euskal dialektologiak garapen handia izan du eta irizpide metodologiko berriak erabiliz euskalkien ikerketan asko sakondu da. Honi esker gaur egungo dialektologoek badute Louis Lucien Bonapartek eskura izan ez zuen informazioa.
Nafarroan, euskal dialektologiaren arloan, aipatzekoak dira honako izen hauek:
Gainera, azken 150 urte hauetan euskarak aldaketak izan ditu: Bonapartek ezagutu zituen hainbat euskalki desagertu dira eta euskara bateratzeko prozesu batean sartu da. Hau dela-eta, pentsatzekoa da 2007. urtean euskalkiei ateratako argazkia eta 1860. urtean egindakoa ez direla berdinak izanen.
Hau guztiau kontutan hartuz Koldo Zuazok euskalkien sailkapen berri bat aurkeztu zuen XX. mendearen hondarrean, dialektologoen artean abegi ona izan duena.
Bonapartek egin zuen sailkapenetik oso urruti ez badago ere diferentzia esanguratsuak ere baditu, euskalkien izenetan esaterako: Mendebalekoa (lehengo bizkaiera), Erdialdekoa (lehengo gipuzkera batez ere), Nafarrera (lehengo ipar eta hego nafarrerak batuz), Nafar-lapurtera (lapurtera eta behe nafarrera batuz), Ekialdeko nafarrera (zaraitzuera eta erronkariera) eta Zuberera.
Zuazoren sailkapena edo Zuazoren mapa bezalako esapideak oso zabalduak badaude ere hemen Gaurko sailkapena deizioa erabili dugu ukitu batzuk eman behar izan dizkiogulako Nafarroako Euskararen Fonotekak hartzen duen eremuari ongi egokitzeko. Horrela Arakil, Gulibar, Xulapain, Ezkabarte, Olaibar edo Artzibarko hizkerak kokatzeko kontutan hartu dira Iñaki Caminok egindako proposamenak. Era berean Koldo Zuazok erabiltzen dituen euskalki izenei jarraitzen badiegu ere Caminok proposatutakoak ere aintzat hartu ditugu.